Euskarazko bertsioa hemen. Versión en euskera aquí.
Ongi etorri Patxi Larrainzar Ikastetxe Publikoko mural kolaboratiboa ezagutzeko gunera: Elkarrekin bizi, elkarrekin hazi. Murala hainbat ikastetxeren artean egindako proiektu baten parte da. Ikastetxe bakoitzak bere estiloa eta ikuspegia eman ditu, baina guztiek mezu bera partekatzen dute: komunitatea, jasangarritasuna eta auzoaren etorkizuna zaintzea.
Patxi Larrainzar Ikastetxe Publikoko muralak mezu argi bat zabaldu nahi du: euskara auzoan bizirik mantentzea eta hedatzea. Irudian, eskolako maskota den Lartxi ikus dezakegu, ikasleekin batera, eskolatik auzora euskararen mezua zabaltzen. Aldi berean, kultur aniztasuna eta ikastetxeak lantzen dituen balioak ere irudikatzen dira, muralean agertzen diren hitzen eta pertsonen bidez.
Naturak ere protagonismo handia du. Bertan ikus ditzakegu Arga ibaia, zuhaitzak, loreak, txoriak eta auzoko paisaia naturala. Horren bidez, auzoak eta eskolak naturarekin duten lotura estua adierazi nahi izan da. Gainera, auzoko hegaztiak omendu nahi izan dira, orain arte egin diren beste muraletan bezala. Horregatik, buztanikara zuria ageri da muralean, gure inguruko biodibertsitatearen erakusleetako bat dena.
Muralak auzoaren eraldaketa energetikoa ere islatzen du. Energia berriztagarriak ikastetxeko eta eraikinetako eguzki-paneletan eta Lartxiren hego bihurtutako haize-errotetan ikus daitezke. Eguzki-panelek energia garbia sortzen dute, eta auzoaren trantsizio energetikoan laguntzen dute.
Azkenik, mugikortasun jasangarria eta emakumeek trantsizio energetikoan duten garrantzia irudikatzeko, auzoko gainontzeko muraletan ere aurkituko ditugun emakume txirrindulariak agertzen dira. Haien bidez, aurreko mendeko auzoko arropa-garbitzaileei keinua egin nahi izan zaie, sokan zintzilik daramatzaten arropen bidez.
Muralaren sormen-prozesua
1. Sormen tailer kolaboratiboak: Ikastetxean ideiak jasotzeko eta bozetoa sortzeko bilerak egin ziren artistekin, ikasleekin zein irakasleekin eta auzoko beste kideekin. Bilera horietan gure murala gorputza hartzen joan zen.



2. Antolaketa-fasea: Materiala zein baimenak eskatu eta eskuratu ziren.
3. Margotze-fasea: Gure ikasleak elkartrukeko lagunekin elkarlanean margotzen hasi ziren. Auzoko beste ikastetxeetako ikasleak zein auzokideek ere margoketan parte hartu zuten.





